Umeekin arteaz berba egiten

Nola hitz egin arteaz umeei.

Helduei zuzendutako umeentzako lehenengo arte liburua dugu hau. Oso interesgarri eta osotua, aldi berean.

Azpitituluak dioen bezala, umeentzako lehen liburua da helduei zuzentzen zaiena. Erraz irakurtzeko modukoa da, umea artearen munduan gozamenaren eskutik sar dadin eta ez halabeharrez.

Barneratzeko modukoa nahiz eta gaian eta pedagogian ezagupen berezirik eduki ez, esku-liburu erabilgarri honek umeen galderak ebazten laguntzen du eta bidea ematen du artearen oinarriak azaltzeko, dela tekniken ingurukoak, dela estiloen ingurukoak, hori guztia hiztegi erraza lagun.

Helduei zuzentzen zaie, horiek seme-alabei edo ikasleei erakuts diezaieten museo batera edo erakusketa batera joaten zer den. Lana, oro har, umeak artearen historiaren berri izan dezaten erakusten laguntzeko gida bat da.

Bidea ahalik eta errazena izan dadin, galdera eta erantzunen bitartez antolatzen da liburua, eta fitxak proposatzen ditu, kolorezko mailen bidez, maila apaletik maila zailera doazenak, hartara aurrerapena mailakatua izan dadin umearen adinaren arabera (5-7 urte, 8-10 urte eta 11-13 urte) edo ezagupen mailaren arabera. Gai orokorrak erretratua, paisaia, abstrakzioa eta abar dira. Hasieran, gainetik azaltzen dira, eta, ondoren, hogeita hamar irudiren bidez aztertzen dira, munduko museorik onenetan zehar bidaiatzeko aukera emanez, egilez egile Fra Angelicotik Baselitzera. Ohiko planteamendu teorikoa alde batera uzten da horrela, eta irudiei begiratuz, benetako abiapuntua esperientzia artistikoa da.

Museora ume batekin joateko, liburu bateko irudi batek eragiten dizkion galderak erantzuteko… gurasoek eta hezitzaileek umeen jakingura asetzeko eta ibilbidea antolatzeko gehien komeni zaizkien moduak aurkituko dituzte. Lanak, halaber, bibliografia labur bat eskaintzen du, arretarik handiena lortu duten gaietan gehiago murgiltze aldera.

Liburua gazteleraz (Cómo hablar de arte a los niños), katalanez (Com parlar d´art als infants) eta galegoz (Como falar de arte aos nenos) ere irakur daiteke.


No hay comentarios:

Publicar un comentario